Eguraldi onak deskonektatzera, aire garbia arnastera eta etxeko lau hormak gure paisaien berdeagatik aldatzera gonbidatzen gaitu. Arabak zorte handia du lurralde osoan zehar, bereziki landa-eremuan, aisialdi-eremu sare bikaina duelako. Naturaz inguratutako guneak dira, familian edo lagun artean gozatzeko prestatuta daudenak, eta gure Kuadrillen xarma ezagutzeko aitzakia ezin hobea bihurtzen direnak.
Baina, eta aurten gure piknik-saskia zuzenean bisitatzen ditugun herrietako saltokietan prestatzen badugu? Gaur Arabako aisialdi-eremu onenetako batzuetan barrena ibilbide bat proposatzen dizugu, eta landa-egun bat gure landa-ekonomiari laguntzeko motor bihurtzeko gakoak emango dizkizugu.
San Gineseko atsedenlekua, Arabako Errioxa
Toloño mendilerro ikusgarriaren magalean kokatuta, Bastidatik 2,3 kilometrora, San Gines aisialdi-eremua mahaiak eta iturriak dituen gune egokitua da, mahasti-paisaia ikusgarri batez inguratua.
Tokiko plana: Bastidako hirigune historikoak merkataritza-eskaintza zabala du. Bisitatu bertako janari denda tradizionalak, inguruko familia-upategi bateko ardo botila bat, herriko ogi on bat eta aperitiborako olibak erosteko. Han bazkaltzea, mendilerroari begira, benetako luxua da.
San Pelaioko atsedenlekua, Iruña Oka
Billoda herritik 300 metro eskasera kokatuta, aisialdi-eremu hau parke bat da, eta itzal atseginagatik nabarmentzen da, bertako artez eta erkametzez osatutako zuhaiztiari esker. Gune freskoa eta oso irisgarria da, aproposa haurrekin joateko, Zadorra ibaiaren ertzetik paseatzeko edo hurbil dagoen Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarra bisitatu ondoren atseden hartzeko.
Tokiko plana: merkataritza-bizitza handia duten herriguneetatik gertu dagoenez, inguruko harategi eta okindegietara hurbil zaitezke, bertako hestebeteak eta ogi laberatu berria erosteko.
San Justo aisialdi-eremua, Oyón-Oion
Oyón-Oion-go hirigunetik 2 kilometro ingurura kokatuta, Iekorarantz doan errepidean, parke hau landa-giroko topagune bat da, eta tokiko jaietako gastronomia-lehiaketen ohiko agertokia ere bada. Udan itzal goxoa eskaintzen duten makal, zumar eta akazien azpian babestutako aterpea da. Gainera, txikientzako zabuak eta estalitako erretegi-eremu bikaina ditu.
Tokiko plana: parkera abiatu aurretik, ezinbesteko geldialdia egin Oyón-Oion-go saltokietan edo Arabako Errioxako Kuadrillako beste udalerri bateko merkataritzan hornitzeko. Pasa zaitez bertako okindegi tradizionaletatik, bisitatu dendak eta janari-dentak. Une ezin hobea da Arabako Errioxako hestebete, gazta, olio edo ardo pixka bat erosteko.
“Piknik jasangarria” egiteko gida
Arabako aisialdi-eremuetan gozatzeak eremu horiek zaintzea eta hartzen gaituen ingurunea errespetatzea ere esan nahi du. Hona hemen egun perfektu baterako urrezko hiru arau:
Ekarri saski hutsa etxetik: diseinatu zure menua bisitatzen duzun udalerriko dendetan eros dezakezuna kontuan hartuta. Freskotasuna eta kalitatea irabaziko dituzu, eta zuzenean lagunduko diezu tokiko negozio txikiei.
Zero hondakinak: mendira eramaten dena, menditik bueltan ekarri behar da. Eremu askok edukiontziak dituzten arren, beteta badaude, gorde zaborra autoan eta birziklatu etxera itzultzean.
Kontsumo arduratsua: erabili instalazioak (mahaiak, iturriak, jolasguneak) gizalegez, ondoren etorriko direnek ere esperientzia bera gozatu ahal izan dezaten.
Araban txango bat egitea aukera bikaina da naturarekin konektatzeko, baina baita komunitatea ehuntzeko ere. Herriko okindegian ogia erosten dugunean, plazako tabernan goizeko kafea hartzen gelditzen garenean edo izkinako dendan fruta erosten dugunean, “eskerrik asko” esaten diogu harrera egiten digun herriari eta bertako saltokiak irekita jarraitzen laguntzen dugu.
Asteburu honetan, prestatu motxila, aukeratu mapan zure aisialdi-eremu gogokoena eta atera Araba bost zentzumenekin ezagutzera.