Azaroan, Arabako paisaiek kontraste berezia eskaintzen dute: hegoaldeko mahastiak okre eta gorri kolorez janzten diren bitartean, iparraldeko mendiek beren berdetasun bizia mantentzen dute, lainopean. Azaroaren 8an Enoturismoaren Munduko eta Europako Eguna ospatzen da, Arabako Errioxako ardoaren eta Aiaraldeko txakolinaren ondarea ardo-kopa batetik harago doala gogorarazteko aukera paregabea.
Azaroaren 8a: topa egin dezagun gure herrietako paisaiaren eta bizimoduaren alde
Enoturismo arduratsua funtsezko tresna da tokiko ekonomia dinamizatzeko eta landa-eremuetako biztanleriari eusten laguntzeko. Mahastien artean igarotako egun batek benetako zentzua hartzen du goizean goiz ogia egiten hasten den okindegian, belaunaldiz belaunaldi transmititutako errezetekin hestebeteak prestatzen dituen harategian edo herritarrei zein bisitariei zerbitzua eskaintzen dien elikagai-dendan eragin positiboa duenean.
Gure lurraldeak ardogintzari lotutako bi nortasun berezi eta osagarri ditu: Arabako Errioxa eta Aiaraldea, udazkeneko ihesaldi bat antolatzeko bi helmuga paregabe.
Arabako Errioxa: mahasti zabalak, historia eta nortasun handiko saltokiak
Toloño mendilerro ikusgarriaren magalean, Arabako Errioxak harriz landutako milaka urteko kultura-ondarea gordetzen du. Guardia, Bastida, Eltziego edo Eskuernaga bezalako herriek Erdi Aroko kaleetan, historiaurreko trikuharrien artean eta duela mende batzuk zulatutako lurpeko upategietan presarik gabe ibiltzera gonbidatzen gaituzte.
Ardoarekin lotutako neurrirako jarduerak antolatzeko, familia-upategiak ezagutzeko eta ostatu berezietan egoteko, Visit Rioja Alavesa esperientzia-plataformak aukera zabala eskaintzen du. Monumentu-ibilbideak, mahastien arteko mendi-ibilaldiak edo udalerri bakoitzeko kultura-ondarea sakonago ezagutu nahi badituzu, Arabako Errioxako Kuadrillako Turismoaren webgunean informazio zehatza aurkituko duzu, baita Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen webgunean ere.
Baina Arabako Errioxaren benetakotasuna ez da ardo-upeletan amaitzen. Herrietako plazetan eta kaleetan barrena ibiltzean, hurbileko saltokiek benetako altxor gastronomikoak eskaintzen dituzte:
- Arroniz barietateko oliba-olio birjina estra.
- Artisau-hestebeteak, hala nola zezina eta solomoa.
- Gozogintza tradizionala, labean egindako erroskilak eta artisau-okindegietan egindako ama-oreko ogiak, besteak beste.
Bidaia hasi aurretik, kontsultatu Landa Merkataritzako Arabako Errioxako saltokien direktorioa, herri bakoitzeko tokiko negozioak aurkitzeko eta eskualdeko familiei zuzenean laguntzeko.
Aiaraldea: tradizio bizia eta 0 Km-ko kultura
Iparralderantz, Gorobel eta Gibijo mendilerroek larre berdez, baserriz eta basoz osatutako harana inguratzen dute. Bertan, euriak eta haizeak Hondarrabi Zuri mahatsaren izaera moldatzen dute. Eskualde honetan, Arabako Txakolina Jatorri Deitura da protagonista: ardo zuri bizia, dotorea eta azidotasun orekatukoa.
‘Txakoli Bizi’: udazkeneko zaporeak haranean
Enoturismoaren hilabetearekin bat eginez, eskualdeak Txakoli Bizi ekimenaren edizio berri bat ospatuko du azaroaren 6tik 22ra. Informazio gehiago aurkituko duzu Aiaraldeko Turismoaren webgunean.
Urte osoan zehar eskualdea ezagutzen jarraitzeko, Txakolinaren Ibilbideak Aiara, Amurrio, Laudio, Artziniega eta Okondoko nortasuna balioan jartzen duten upategi, jatetxe eta eragileen sarea biltzen du.
Aiaraldeko dendek baserriko produktuak zuzenean gure mahaietara eramateko aukera eskaintzen dute:
- Idiazabal gazta, haranetako gaztandegietan latxa ardien esne gordinarekin artisau-erara egina.
- Odolkiak eta hestebete tradizionalak, herrietako harategietan egunero prestatuak.
- Basoko eztia, bertako likoreak eta barazki-kontserbak, tokiko merkatariek arretaz aukeratuak.
Aurkitu eskualde osoko elikadura, artisautza eta zerbitzuetako saltoki txikiak Landa Merkataritzako Aiaraldeko saltokien mapan.
Udazken honetan, Arabako Errioxan eta Aiaraldean aurkituko duzu ihesaldirik benetakoena. Eta gogoratu: erosi Arabako landa-saltokietan eta bete zure saskia bertako produktuekin!